XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Zer moduz, irakasle?

Ostia, lehenago pentsatzen badut...! Ez nuen honelakorik espero.

Ea ez didan igartzen, behintzat, erdi mozkortuta nagoela.

- Zuk ez zenuke etxean egon behar ikasten ala, Jokin?

- Dena dakit jadanik.

- Ziur?

- Ziur. Azterketa erraza izango da, ezta?

- Oso erraza, benetan ikasi baduzu.

- Orduan ez dut arazorik izango bikain ateratzeko.

- Bueno, banoa lagunekin hurrengo kalimotxoa edatera, ze erritmo bizia daramagu.

- Eta zuk ez edan txanpain gehiegi, irakasle, bestela goizean loak hartuko zaitu. Gero arte!

Gainera baziladak entzun behar.

Lepoa jokatuko nuke alferrontzi honek ez dituela apunteak ukitu.

Eta ukitu baditu txuletak prestatzeko izan da, ziur. Bihar ikusiko da.

Jokini ikasten egon behar lukeela esan diot, baina nik ere duela lau ordu egon beharko nuen etxean galderak prestatzen.

Dena dela, Irene Irene da eta gaur nahiko berotuta ikusten dut.

Honelako aukera bat ezin da alferrik galdu. Baliteke zorte apur batekin...

Pixka baten geratuko naiz, loteria tokatuan ere.

2:30 Leloarena egiten nabilela uste dut. Irene zeharo edanda dago eta lotsagabe dabil dantzan, baina inguruan putre mordoa dauka, ikasle, irakasle zein bestelako espontaneo, denak guztiz irtenda.

Niri noizean behin oso era berezian begiratzen dit. Edo hori iruditzen zait, behintzat.